Monthly Archives: abendua 2011

Kultura esparruko murrizketen kontrako gutun irekia

Iruñea, 2011eko abenduaren 15a.

Inork ez du zalantzan jartzen kulturak balioa sortzen duenik non eta hura dabilen eta trinkotzen denetan. Neurtzea zaila bada ere, “kultura” bezala ezagutzen dugun jardun-sorta konplexu horrek hauteman daitekeen aberastasuna eragiten du, bai maila ekonomikoan bai sozialean: etekinak ematen ditu, zuzenak eta zeharkakoak; hezkuntza zabaltzen du; komunitatearen bizitza pizten du; harremanak indartzen ditu eta aukerak zabaldu. Aberastasun hori hartu-eman askoren emaitza da, “kultura”-zirkuito deitzen diogun horren barruan dauden agenteen eta kanpoan daudenen arteko eragin-trukeena alegia. Hortik dator, hain justu, kultura ondasun publiko bezala ulertzearen garrantzia, jende orori baitagokio eta eragiten baitio.

Nafarroan, kultura esparruaren gainean hegan dabiltzan murrizketek ez dute aintzat hartzen lehenxeago azaldu dugun hori. Aitzitik, estrategia berri moduan datoz sare kulturala antzutzeko. Itxura aldetik berria bai, baina krisialdiaren aurreko kudeaketarekin erabat koherentea muinean. Ildo nagusiak bitan laburbildu daitezke: Alde batetik, administrazioarekin ongi konektatuta dagoen elite txiki baten onurarako bideratzea gastu publikoa; eta, bestetik, gobernuak ezagutzen edo kontrolatzen ez duen kultura errealitate guztia marjinala denaren ertzetaraino eramatea. Urrutira joan gabe, herritarra dena, euskara eta kritika izan dira “mamu mehatsutzaile” horren ezaugarrietako hiru, etengabe azpilanerako erabili nahi zirenak, ekonomikoki edo legeen bidez ittoaraziz horiek.

Krisiak, ordea, kultura-sare bizia antzutzeko eta bidegabe ebasteko dinamiketan erregistro aldaketa sartu du. “Dirurik ez dago” da gehien errepikatzen den leloa administrazio ezberdinetan, edozein kulturagune edo baliabide bazterrean utzi beharra justifikatzeko, bai programazioan bai trebakuntzan, musikan edo zinean, arte eszenikoetan edo liburutegietan. Bada leloaren bertsio luzatua, murrizketen legitimizazio-gutun gisa erabiltzen dena, eta honela dio: “Ez dago dirurik osasunerako ezta hezkuntzarako ere… Nola ba kulturarentzat, beharrezkoa ez den gastua izanda hori.”

Krisi egoera honetan erabakia hartzera behartuta gaude. Lehenengo aukera: beldurrak irensten gaitu (diru-laguntza apurrak kenduko dizkigutenaren beldur, ditugun guneak itxiko dizkigutenarena, gure lanpostuak desagertuko direnarena) eta amore ematen dugu, atea zabalduz porrotari, atzerantz egiteari eta erbesteari. Bigarren aukera: Aurrera egin eta espoliazioaren kontra mobilizatzen gara.

Aukera horien aurrean, honako dei hau luzatzen dizuegu: Guztion afera gisa kokatu behar dugu berriro kultura, ondasun publiko bezala defendatu ahal izateko hura. Eskubide arazo bezala ulertu behar ditugu murrizketak, jende guztiari eragiten dion arazo gisa eta ez soilik profesional talde baten interesei. Mahaigaineratu behar dena da, gu engainatzen ari direla, ez sektore bezala soilik, gizarte gisa baizik. Dirurik ez dagoela, hori ez da egia (begibistan dago AHT bezalako azpiegituretarako inbertsioak mantendu dituztela); eta, gezurra da, beraz, kulturak lehiatzen duenik osasunarekin edo hezkuntzarekin baliabideei dagokienez. Uste dugu, finean, murrizketei aurre egiteko dugun estrategia baliagarri bakarra marearen zabalera, aniztasuna eta bat egitea dela, kulturatik ere bultzada jasota.

Horrelako mugimendu bat abiarazteko, oinarri gisa proposatzen duguna da lehen elkargune bat -“kulturako estrategia-sare” informala Nafarroan, sortzaileek, agente kulturalek, elkarte eta herritarrek josita abiatuko dena- eta, gure ustez, ondoren beste batzuk sortuko dituena. Gune digitala da, blog itxura duena, testu hau bera aurki dezakezue bertan. Era berean, eman diezaiokezue babesa idazkiari, iruzkinak egin, eta ekarpenak utzi ditzakezue blogean. Horixe izanen da lehen hurbilpena “Nafarroan kulturaren aldeko manifestua” prestatzeko, babes zabalarekin.

Blogak dituen oinarrizko helburuak bi dira: Alde batetik, harremanak eta itunak sortzea gatazka ezberdinen artean, murrizketekin eta kulturarekin zerikusia dutenen artean. Beste alde batetik, agenda komuna egin mobilizazio eta ekimenentzako. Helbidea segidako hau duzue:

https://recnafarroa.wordpress.com/

Gutun ireki honi babesa eman nahi badiozu, eta iruzkinak, argibideak edo proposamenak helarazi, Manifestu hori idazteko eta ondorengo mobilizazioetarako, eta, era berean, berriak jaso nahi badituzu eta ekimenean parte hartu, bidali mezua ondoko helbidera:

recnavarra(a)gmail.com

Eskubide sozialik gabe ez dago kulturarik.
Sarean eta kalean elkar ikusiko gara.

Estrategia-sare kulturala.

Kontua da zehaztea biztanlariaren zein segmentu diren jasoko dutenak
kapital sinbolikoaren onura zeinetan jende guztiak -bere erara- laguntza eman baitu.
David Harvey, “Errentaren artea”

Advertisements