Tag Archives: murrizketarikez

Akabo Kulturako Plan Estrategikoa!

Iruñeko Udaleko kultura zinegotzia Fermin Alonsok adierazitakoak, Kulturako Plan Estrategikoa bukatutzat ematen -erdizka utzia izan dena, kultura bizitasunari buruzko txosten batean-, kulturaren plangintza estrategikoaren despedida itxura edukitzeaz gain badu antza hiri honetako kulturaren etorkizuna iragartzeko hiletarena ere…

Pamplona 2016 - Chistorrada

2011ko ekainean Kulturako Plan Estrategikoa aurkeztu zen, parte-hartze prozesuak zuelarik indargunea (egun frogatu da ordea, zuen tresneria teknikoaz gain, irreala zela eta presaka egina). Garai hartan, kultura arloko agente gehienok mesfidantzaz hartu genuen Plana, baikor hartu bagenuen ere udalak serio hartzen hasi izana kultura sektorea.

Baina bederatzi hilabete pasa ondoren, 30.000 € gastatu (55.000 €-ko aurrekontutik), kultura arloko jendea tartean sartu, eta Planaren garapenaren gaineko gardentasun falta susmagarriarekin, azkenean Iruñeko KPE errailetik irten da.

Halere, KPE bertan behera uzte izan hori arloko zinegotzigoaren utzikeria eta axolagabekeria dela sinestearen segadan ez genuke erori behar -oposizioko udal alderdiek bezala-, eta xehe-xehe aztertu beharko dira gainera zehaztasun ekonomiko eta legalak. Gehiago dirudi nahita hartutako erabakia: kulturaren -ondasun publikoa den aldetik- hilkutxari azken iltzea sartzea, kulturarengan uste onik ez duen udal (eta Nafarroako gobernu) baten aldetik. Noraino eta haiek martxan jartzen dituzten egitasmo propioak guztiz desegiteraino.

Iruñea 2016ren hondoratzea eta gero, KPEren porrota ez da soilik iriotea, kudeaketa txarra eta herritarrei iruzurra egin izanaren begien bistako zantzua, murrizketen politika eta eskubideen amaieraren azken ondorioa baizik, bereziki kulturarekin anker jokatzen duena. Punto de Vista Jaialdia bertan behera uztetik Nafarroako Antzerki Eskola ixtera, eta bukatzeko KPE bat zeinek, nola edo hala, beharrezkoak diren kultura esku-hartzeak atzematerik baitzituen, horietarako ez baitago aurreikusita aurrekonturik ezta intentziorik ere hura bilatzeko etorkizun hurbil batean.

Beste ondorioetako bat da -honetan alde ona duena- herritarren esku, eta horien ahaldutze gaitasunean…, geratu direla civivox zentroetako kontrol, planifikazio eta ofizialtasunetik haratago antolatzen diren kultura adierazpenak. Kataluniako neska adiskideek dioten bezala: “kulturarik gabe, ez dago etorkizunik.”

Horren haritik, Iruñeko 15M kultura taldeak eta KSEk (Kulturarako Sare Estrategikoa, gure hozka ironikoa zonbi bihurtu den hiri honi), era baikorrean eta parte-hartzailean egin zituzten haien kritikak KPEri. Eta zeregin bikoitza gauzatu zuten: alde batetik, KPEren prozesu parte-hartzailean parte hartu eta, bestetik, haien prozesu alternatibo propioa zabaldu. Sei hilabeteko lan horizontala egin ondoren -agente kulturalekin, sortzaileekin eta herritarrekin; eta 0 €ko gastua- Oraindik ere planik gabe. Kulturako Plan Estrategikoaren aurrean, prozesu alternatibo baten erregistroa txostena aurkeztu genuen. Dosier hori sei proposamen estrategikoekin amaitzen da: Inbertsio eta kudeketa publikorako kodea, Kulturako eta partaidetzako kontseilu iraunkorra, Herritar itunaren indargabetzea, Kultura askea sustatzeko plana, Kulturako lana ikertzea eta mapaketa egitea, Kulturagune autogestionatua.

panel del dossier

Behetik hasita planifikazio estrategiko bat egin daitekela da horren froga, “bermatuko diona jende orori kultura aberastasun horretarako sarrera, eta lortuko duenak kulturak sortzen dituen baliabide ekonomikoen bidezko itzulera, produkzio-ehunak eta sozialak sortzen dituen baliabideena hain zuzen”.

Erabateko porrotaren amaiera gisa, Fermin Alonso zinegotzia ausartzen da proposatzen “kulturaren mahai” lotsagarri bat sortzea, zeinetan alderdi politikoek ez baitute parte hartuko, soilik “kultura sektoreak eta gizarteak”. Halere, argitzen du, alderdi politikoak direla “mahai” horren estatutuak idatzi behar dituztenak. Berriro, eta bere ildotik jarraituz, parte-hartze bideratuaren amua eskaintzen du, eta, horretarako, kultura sektoreari eta herritarrei ez zaie geratzen konfidantza arrastorik ere.

Balizko Kulturaren Mahai horretarako dugun proposamena ondorengo hau da: mahaia eratzailea eta herritarrena izan dadila, bere estatutu propioak sortuko dituena, eta lehenengo zeregina izan dezala KPEren iruzurra fiskalizatzea, eta aurrekontu parte-hartzaileak gaitu daitezela Kultura Arlorako. Orduan bai izanen dugula konfidantza Udalaren jarrera aldaketan eta haren arduran eta planetan.

Eta, oraindik ere beste proposamen bat -Nafarroako kulturaren duintasunagatik-, kultura sektoreari bideratua: sortu dadila kultura sektore guztien artean erresistentzia eta sorkuntza sare bat, gai izanen dena etsipena astintzeko, kulturari egiten zaizkion erasoei erantzuteko, eta bidegabe murrizketak jasan dituzten gainontzeko sektoreekin elkartasuna agertzen duen konponbide kolektiboak proposatzeko.

Eskubide sozialik gabe, ez dago kulturarik. Elkar ikusiko gara sareetan eta kalean.

Kultura esparruko murrizketen kontrako gutun irekia

Iruñea, 2011eko abenduaren 15a.

Inork ez du zalantzan jartzen kulturak balioa sortzen duenik non eta hura dabilen eta trinkotzen denetan. Neurtzea zaila bada ere, “kultura” bezala ezagutzen dugun jardun-sorta konplexu horrek hauteman daitekeen aberastasuna eragiten du, bai maila ekonomikoan bai sozialean: etekinak ematen ditu, zuzenak eta zeharkakoak; hezkuntza zabaltzen du; komunitatearen bizitza pizten du; harremanak indartzen ditu eta aukerak zabaldu. Aberastasun hori hartu-eman askoren emaitza da, “kultura”-zirkuito deitzen diogun horren barruan dauden agenteen eta kanpoan daudenen arteko eragin-trukeena alegia. Hortik dator, hain justu, kultura ondasun publiko bezala ulertzearen garrantzia, jende orori baitagokio eta eragiten baitio.

Nafarroan, kultura esparruaren gainean hegan dabiltzan murrizketek ez dute aintzat hartzen lehenxeago azaldu dugun hori. Aitzitik, estrategia berri moduan datoz sare kulturala antzutzeko. Itxura aldetik berria bai, baina krisialdiaren aurreko kudeaketarekin erabat koherentea muinean. Ildo nagusiak bitan laburbildu daitezke: Alde batetik, administrazioarekin ongi konektatuta dagoen elite txiki baten onurarako bideratzea gastu publikoa; eta, bestetik, gobernuak ezagutzen edo kontrolatzen ez duen kultura errealitate guztia marjinala denaren ertzetaraino eramatea. Urrutira joan gabe, herritarra dena, euskara eta kritika izan dira “mamu mehatsutzaile” horren ezaugarrietako hiru, etengabe azpilanerako erabili nahi zirenak, ekonomikoki edo legeen bidez ittoaraziz horiek.

Krisiak, ordea, kultura-sare bizia antzutzeko eta bidegabe ebasteko dinamiketan erregistro aldaketa sartu du. “Dirurik ez dago” da gehien errepikatzen den leloa administrazio ezberdinetan, edozein kulturagune edo baliabide bazterrean utzi beharra justifikatzeko, bai programazioan bai trebakuntzan, musikan edo zinean, arte eszenikoetan edo liburutegietan. Bada leloaren bertsio luzatua, murrizketen legitimizazio-gutun gisa erabiltzen dena, eta honela dio: “Ez dago dirurik osasunerako ezta hezkuntzarako ere… Nola ba kulturarentzat, beharrezkoa ez den gastua izanda hori.”

Krisi egoera honetan erabakia hartzera behartuta gaude. Lehenengo aukera: beldurrak irensten gaitu (diru-laguntza apurrak kenduko dizkigutenaren beldur, ditugun guneak itxiko dizkigutenarena, gure lanpostuak desagertuko direnarena) eta amore ematen dugu, atea zabalduz porrotari, atzerantz egiteari eta erbesteari. Bigarren aukera: Aurrera egin eta espoliazioaren kontra mobilizatzen gara.

Aukera horien aurrean, honako dei hau luzatzen dizuegu: Guztion afera gisa kokatu behar dugu berriro kultura, ondasun publiko bezala defendatu ahal izateko hura. Eskubide arazo bezala ulertu behar ditugu murrizketak, jende guztiari eragiten dion arazo gisa eta ez soilik profesional talde baten interesei. Mahaigaineratu behar dena da, gu engainatzen ari direla, ez sektore bezala soilik, gizarte gisa baizik. Dirurik ez dagoela, hori ez da egia (begibistan dago AHT bezalako azpiegituretarako inbertsioak mantendu dituztela); eta, gezurra da, beraz, kulturak lehiatzen duenik osasunarekin edo hezkuntzarekin baliabideei dagokienez. Uste dugu, finean, murrizketei aurre egiteko dugun estrategia baliagarri bakarra marearen zabalera, aniztasuna eta bat egitea dela, kulturatik ere bultzada jasota.

Horrelako mugimendu bat abiarazteko, oinarri gisa proposatzen duguna da lehen elkargune bat -“kulturako estrategia-sare” informala Nafarroan, sortzaileek, agente kulturalek, elkarte eta herritarrek josita abiatuko dena- eta, gure ustez, ondoren beste batzuk sortuko dituena. Gune digitala da, blog itxura duena, testu hau bera aurki dezakezue bertan. Era berean, eman diezaiokezue babesa idazkiari, iruzkinak egin, eta ekarpenak utzi ditzakezue blogean. Horixe izanen da lehen hurbilpena “Nafarroan kulturaren aldeko manifestua” prestatzeko, babes zabalarekin.

Blogak dituen oinarrizko helburuak bi dira: Alde batetik, harremanak eta itunak sortzea gatazka ezberdinen artean, murrizketekin eta kulturarekin zerikusia dutenen artean. Beste alde batetik, agenda komuna egin mobilizazio eta ekimenentzako. Helbidea segidako hau duzue:

https://recnafarroa.wordpress.com/

Gutun ireki honi babesa eman nahi badiozu, eta iruzkinak, argibideak edo proposamenak helarazi, Manifestu hori idazteko eta ondorengo mobilizazioetarako, eta, era berean, berriak jaso nahi badituzu eta ekimenean parte hartu, bidali mezua ondoko helbidera:

recnavarra(a)gmail.com

Eskubide sozialik gabe ez dago kulturarik.
Sarean eta kalean elkar ikusiko gara.

Estrategia-sare kulturala.

Kontua da zehaztea biztanlariaren zein segmentu diren jasoko dutenak
kapital sinbolikoaren onura zeinetan jende guztiak -bere erara- laguntza eman baitu.
David Harvey, “Errentaren artea”